ZER, ZERGATIK, NOLA

ZER

Gipuzkoako Intsektuen Behatokia (GIB/OEG) Gipuzkoako intsektuei buruzko ezaguera eraikitzeko eta kudeatzeko ikerkuntza-plataforma da. Gipuzkoako Entomologia Elkarteak zuzenduta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak babestuta, 2000 urtean hasi zen Aiako Harria Parke Naturaleko intsektuak inbentariatzeko proiektuaren oinordekoa da.

Hastapeneko ikerlan hura 2011tik aurrera Gipuzkoa osora zabaldu izanak ekarri du intsektu-espezie guztiak katalogatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen proiekturik handiena bihurtzea, asmo handikoa nahiz etorkizun oparokoa baita.

Azken helburua, beraz, hauxe da: Gipuzkoako Lurralde Historiko osoari eta intsektu-ordena guztiei dagokien ahalik eta informazio taxonomiko-faunistiko handienaren inbentarioa edo katalogazioa.

Hona hemen lan honen HIRU OINARRIAK, gure ustez funtsezko bizigarriak eta gakoak ere badirenak:

  • ABIAPUNTUA:
    KEZKA

    Bere entomodibertsitateari buruzko ezaguera urria dela eta, Euskal Herriaren egoera larriaren egiaztapena.

  • BIDEA:
    ZIENTZIA ETA SOILIK ZIENTZIA

    Intsektuenganako eta zientzia entomologikoarenganako grina, zeinak hurrengo ondorioak baitakartza: erabateko errespetua entomologiaren erritmoekiko, bai eta entomologoen jokabideekiko ere, hauek entomologo zaletuak zein profesionalak izan, espezialistak zein jeneralistak izan.

  • HORIZONTEA:
    ARDURA:

    Gaur egungo “oinarrizko zientzia” biharko “zientzia aplikatua” delako segurtasuna.

Naturaren “behatoki” batek, haren behaketa, ikerketa eta jarraipenari eskainitako pertsona eta baliabideen multzoak hain zuzen, gizarteari interesekoak zaizkion emaitzak sortzen ditu. Bilatzaile hau intsektuen behatokiaren emaitza sintetikoenetako bat da, edozein herritarrek informazioa erraz eskura dezan ahalbidetzen duelarik.

ZERGATIK

Aipaturiko horizontea, ardurarena, nahikoa izango litzateke, berez, galdera honi erantzuteko. Baina badaude beste hainbat arrazoi behatoki entomologiko bat justifikatzen dutenak:

• LURREAN: Gezurra dirudien arren, planetaren biodibertsitatearen zati txiki bat baino ez da ezaguna oraindik. Uste da milioika espezie geratzen direla aurkitzeke. Bitxia da gizateriak askoz gehiago inbertitzea izarren inbentarioan berarekin planeta konpartitzen duten espezieen inbentarioan baino; bizi estralurtarra bilatzen, oraindik ezezagunak diren bizidun lurtarrak antzematen baino.

• EUROPAN: Bertako egoera munduko alde tropikaletakoa bezain deigarria ez bada ere, hemen ere ia egunero deskribatzen ari dira ornogabeen espezie berriak. Behatoki honek ere egiten du horrela... begiratu HEMEN.

• EAE-N: Ez da bakarrik ez dugula ezagutzen hemen bizi diren intsektu espezieen zerrenda osoa, gutxi gorabehera zenbat diren ere ezin dugu esan. Kopuru misteriotsu hori ziur aski 10.000 eta 20.000 artean egongo da. Talde askoren kasuan, adibidez, espezie arruntenen erregistro bakar bat ere ez da existitzen. Guztira, icebergaren erpina da ezagutua, sakonago aztertu diren talde batzuei dagokiena hain zuzen.

• GIPUZKOAN: Gipuzkoako Intsektuen Behatokia gure intsektuen dibertsitatearen inbentariatze-lana errazten ari da. 3.000 espezie baino gehiago erregistratu dira dagoeneko eta gainera icebergaren zati ezkutua antzematen hasi gara. Ezagutzeko zenbat falta zaigun jakiten hasi gara, ezagutu gabekoaren tamaina ulertzen. Eta hori, bada nolabaiteko ezaguera.

• EGUNGO EGOERAN: Gizakiak eragindako habitaten suntsipenak espezie asko egoera larri batera eraman ditu, eta hori erabat desagertzera ez baditu eraman. Intsektuen kasuan berdin gertatzen da, gehienetan konturatzen ez bagara ere. Premiazkoa da “dagoenaren” inbentarioari lehenbailehen ekitea, babesa emate aldera edo, gutxienez (eta atsekabez), etorkizunean “galdu dena” baloratu ahal izatera. Espezie inbaditzaileen kopuru gero eta handiagoak edota klima-aldaketaren eszenatoki hasiberriek premia hori areagotu besterik ez dute egiten.

NOLA

NOLA EGITEN ARI GARA ENTOMOFAUNAREN INBENTARIOA?

Funtsean, bi lan mota dira:

• Alde batetik, Gipuzkoa osoaren explorazioa eta ahalik eta habitat sorta zabalenaren laginketa, eta horren ondoren espezieen identifikazioa, hainbat taldetan adituak diren entomologoen “sare” baten kolaborazioari esker.

• Beste alde batetik, edozein espezieren lurraldeko erregistroak jasotzen dituen bibliografiaren kontsulta eta bilketa, erregistro horiek iragazi eta datu-basean ere sartu egiteko.

Literatura zientifiko horren zati bat, noski, behatoki honen berezko laginketetan oinarriturik sortu da, baina beste zati bat lehenagokoa da, edo aldiberekoa da baina bestelako oinarria du. Informazio guztia araztu egiten da, urratsez urrats, prozesu batean zeinak eguneratze nomenklaturalak eta taxonomikoak barne hartzen baititu, bai eta datuen zehaztasun geografikoari eta jatorrizko iturriaren aipamenei dagozkien egokitzapenak ere.

NOLA ANTOLATU DA DATU-BASE KONTSULTAGARRIA?

Bigarren bertsio honetan gaur arte iragazi diren argitalpen zientifikoetatik datozen erregistroak baino ez dira aurkezten. 17 ordenatako 249 familiari dagozkien 2.574 espezietako 9.258 erregistro dira.

Hala ere, 3.000 espezie baino gehiagori dagozkien erregistroen informazioa (argitaratuak ala ez) badaukagu guztira; hori dela eta, buru-belarri jarraitzen dugu lanean hurrengo bertsio batek argitaratze-bidean dauden berezko datuak aurkez ditzan, bai eta bibliografia gehiago iragazi eta hortik ateratako datu berriak ere.

Momentuz, espezieen binomenak karaktere arruntez, eta ez etzanez, idatzita agertzen dira, etorkizunean konpondu beharreko arazo teknikoak direla eta.

NOLA ESKURA DAITEKE GIPUZKOAKO INTSEKTUEI BURUZKO INFORMAZIO HAU?

Hiru motako bilatzaileak erabiliz:
• zuhaitz taxonomikoaren araberakoa
• espezieeen araberakoa
• lekuen araberakoa

• ESPEZIE JAKIN BAT BILATZEAN (lehenengo bi bilatzaileetako baten bidez), espezie horretarako gaur arte eskuragarri dauden erregistroen fitxa bat erakusten da. Argitara eman zeneko iturri bibliografikoaren erreferentzia agertzen da erregistro bakoitzarekin batera; Heteropterus Rev. Entomol.-en argitaraturiko artikuluen kasuan, zuzenean iristen da bere pdf-era.

Baliteke erregistro itxuraz errepikatuak agertzea. Hori gertatzen da badaudelako erregistroak hemen eskuragarri dauden informazio-eremuei dagokienez berdinak direnak, nahiz eta erregistro desberdinak izan.

• LEKU BAT BILATZEAN (hirugarren bilatzailearen aukera geografiko desberdinei esker), leku horretan gaur arte erregistratu diren espezieen fitxa bat erakusten da.

Espezieak alfabetikoki zerrendatzen dira, familien arabera lehenago eta espezieen arabera gero. Edozein izenen gainean klikatzean Gipuzkoako erregistro guztiak dituen espeziearen fitxa eskuratzen da.

Kontuan hartu behar da fitxa hauetan erakutsitako informazioak ez duela islatzen oraindik (eta ziur aski ez du sekula islatuko, behatoki hau eta web-orri hau “beti lanean” egotera deituta baitaude) ez espezieen benetako banaketa ez eta lekuen benetako entomodibertsitatea ere, baizik eta gaur egun erregistratuta edo eskuragarri dauden datuei lotutakoak besterik ez.

Halaber, aipatu beharra dago bilaketen ondoz ondoko zabalgarriek (adibidez, lekuen araberako bilaketetan, ordena taxonomikoak) bakarrik erakusten dituztela datu-basearen barruan dauden aukera posibleak. Zehaztasun metodologikoari euste aldera, GIB/OEGak ez du aurreikusten erabiltzaile/web elkarrekintzarik intsektuen behaketak sartzeko. Bilatzaile hauei buruzko edota eskuragarri dagoen informazioari buruzko edozein iruzkin KONTAKTUAren bidez egin beharko litzateke.